Itsasmendi 7ren azken uztak, beti bezala, irudi berria dakarkigu. Oraingo honetan Oceangrain Audiovisual taldeko Erika González eta David Castrok egindako argazkia, hain zuzen ere. Hona hemen argazkiaren edukiaren azalpena.
2020 eta 2021 urteetan bizi izandako Covid pandemiaren egoera larriak hainbat zauri utzi zituen bai arlo ekonomikoan, bai psikologia mailan eta baita enpresen antolakuntza egituretan ere.
Zauriek orbanak uzten dituzte eta guk, gehienetan, ezkutatu egiten ditugu, ez dugu erakusterik gura, nahiz eta bizitza osoan gurekin joan behar izaten diren. Baina zauriak gure izaeraren zati garrantzitsu dira, moldatu egiten gaituzte, eta horregatik, balio handidun bitxiak legez konpondu egin behar dira. Orbanak izan ginena, pasatu genuena eta orain garenaren ispilu dira. Inperfekzioetatik jaiotzen da bakoitzaren benetako edertasun desberdina, bakana eta apartekoa.
Apurtutako ontziak konpontzen dituen Japoniako arte bat da KINTSUGI; pitxarraren zatiak urrezko erretsinaz estali ohi dira teknika honekin. Metafora bat dirudi, zeren bizitzan, egiten dugunaren aurka, orbanak ospatu egin beharko genituzke, inperfekzioak besarkatu eta euren edertasuna harrotasunez erakutsi. Bizipen hauetan oinarritzen da gure nortasuna, eta gure esku dago apurtutako zatiok konpondu eta arrakalak urrez margotu ondoren, gure bandera egitea. Bizitzan sufriarazi diguten zauriak, pitzadurak, edertasunez bete ondoren azpimarratu eta harrotasunez erakusten dira, bakoitzaren historiaren zati garrantzitsu direlako, bere borrokak eta barruko indarren erakusle dira.
Inoiz hautsi zen zerbaitek orain erakusteko eta kontatzeko istorioa du. Orbanak ikasi eta aurrera egiteko era dira.